2014(e)ko abenduaren 11(a), osteguna

Mission accomplished

Egina. Done. Bukatu dut Renon egin beharrekoa. Azaroaren 24an egin nuen defentsa. Tesiaren izenburua: The End of ETA (2007-2011): Narratives from the Media and from the Actors. Zuzendariak: Joseba Zulaika eta Txema Ramirez de la Piscina. Bulegoa husten (eta uzten) ari naiz oraintxe bertan. Sei egun barru, abenduaren 16an, Zarauzko malekoian izango naiz atzera, ‘Ph.D. in Basque Studies’ titulua besapean dudala.

Lan pixka bat gelditzen zait oraindik, ordea. Batetik, tesirako bildutako materialarekin euskarazko kronika liburua idazteko asmoa dut. Loiolako Hegien jarraipena edo. Hasita nago, baina hasita bakarrik. Bestetik, tesia (ingelesez idatzia) liburu bihurtu nahi nuke; lan handi samarra egin behar dut oraindik neronek, eta lan handia geldituko zaio, ondoren, editore-zuzentzaileari.

Eta, bitartean, non edo non lanposturen bat ere beharko dut. Estudiante izateari uzteko garaia iritsi zaidala uste dut. 

2014(e)ko maiatzaren 10(a), larunbata

Bye bai

Hauxe da Renora hegan etortzen den bisitariak ikusten duen lehen irudia, eta badoanak ikusten duen azkena. Enbarkerako ateen pare-parean dago txanponjale mordoxka aukeran, nora etorri zaren garbi izan dezazun. Gero, kasinoetara joan beharrik gabe, bazter guztietan ikusiko dituzu, baita tabernetako barrari itsatsita ere. Ohitu egiten zara, eta azkenean ez dituzu ikusi ere egiten. Bost makina hauen parean nago oraintxe, C5 atearen aurrean, San Franciscora eramango gaituen United Airlinesen hegazkintxoa prestatzen ari diren bitartean.

2014(e)ko maiatzaren 9(a), ostirala

Dear beer

Akabo Renoko azkenaurreko egonaldia. Bihar-etzi, Renotik San Franciscora, San Franciscotik Frankfurtera, Frankfurtetik Bilbora, Bilbotik Zarautza. Bi hilabete eskas barru hemen naiz berriro, baina, bitartean, etxeko goxotasunarekin gozatzea dagokit. Zer botako dudan faltan? Eguraldi lehor eta eguzkitsua, fijo. Eta garagardoa. A ze kalitatea eta barietatea. Nire faboritoak, IPAk eta gorri batzuk. Urtarriletik hona etxean edandakoen muestra da argazkikoa. Niri ez atera kaƱa edo zuritorik bi hilabete hauetan, Jainkoaren izenean. Kriantza, please.   


2014(e)ko maiatzaren 5(a), astelehena

Egun folklorikoa Genoan

Egun folklorikoa izan genuen larunbatean, Genoa herrixkan. Pixka bat Zarauzko euskal jaian bezala sentitu nintzen, jendea cowboy eta cowgirl jantzi dotoreekin ikusita, country musika giroan. Duela hilabete batzuk Elkon bizitako Cowboy Poetry Gathering-aren tankerako festa, baina formato txikian: Oestearen historiari buruzko emanaldi eta hitzaldiak, cowboy poeten errezitaldiak, eta country musika. Nobedadea, natiboen kultur ondareak ere izan zuela bere tokitxoa, oso bazterrekoa izan arren.  

2014(e)ko maiatzaren 2(a), ostirala

Doug tranperoa

Atzo ere far baina very far westean izan ginen. Bill Douglassek bere arrantxora eraman gintuen, Smoke Creek-era. Bost orduko joan-etorria kotxean, eta bost orduko ibilbidea todoterrenoan arrantxoko lurretan, harri koskor bolkanikoz jositako bideetan (?) barrena, safaria bailitzan. Asto silbestreak. Mustang zaldiak. Antilopeak. Oreinak. Pelikanoak. Bi suge. Eta koiote bat. Hala ere, eguneko espezimen bereziena bi hankekoa izan zen. Doug tranperoa. Herenegun mountain lion batek, puma batek, Espil euskal-amerikarren artaldeari eraso zion. Haren atzetik zebilen Doug, tamaina guztietako zepoz betetako kamionetan. Arra dela, eta handia, horixe besterik ez zekien. Tranpero profesionala da, administrazio federalak kontratatua. 1980ko hamarkadatik dabil puma eta koioteen peskizan. Bizitza osoan 50 bat mountain lion harrapatu omen ditu. Oraingo honi arrastoa jarraitzea zaila nonbait, eta aztoratuta zebilen Doug. "Hain nauka amorrotatuta, azkenean hiltzen badut pozik berpiztuko nukeela, berriro akabatu ahal izateko." Argazkian, mountain lion honen tamainakoak harrapatzeko erabili ohi duen zepoa erakusten Bill, Miren, eta Josebari.


2014(e)ko apirilaren 30(a), asteazkena

Hartzak bertatik bertara

Hartzak azkenean! Bertatik bertara! Well, argazkia ez dut nik atera. All right, hartzak ez dituk nik neuk ikusi. Baina Marijo eta Felix lagun bizkaitarrek ikusi eta fotografiatu dituzte aste honetan Sequoia Parken. Taldekide bakarrak gailurra egitea nahikoa izaten da Himalaiako espedizioetan.

2014(e)ko apirilaren 28(a), astelehena

Tabernarik zaharrena

Nevadako tabernarik zaharrena omen denean hartu genuen atzo amber ale bana Patxik eta biok, Carson bailararen inguruetan lau orduko ibilaldia egin ondoren. Urre sukarraren beroan sortu zuten herria, Genoa, 1851n. Diotenez, Nevadako herririk zaharrena; alegia, zuriek orain Nevada denaren mugen barruan ezarritako lehen kokagunea. Handik bi urtera, bazuten taberna. Handik hamalau urtera, kanposantua. Eta denda/taberna hura, orduan Livingstone's Exchange, Genoa Bar da orain. Aspaldian berritu gabea, zahar ukitu benetakoa du. Turistentzako amuak gorabehera (Jesse Jamesen afixa zaharrak eta abar), badu xarma txokoak.