Lehendik ere izana naiz Nevadan, baina 2014ko hau izango dut azken egonaldi luzea. Idaztekotan motzean idazteko asmoa dudalako aukeratu dut izenburu hau. Testu luzerik topatuz gero, eskatu erreklamazio orria.
2014(e)ko maiatzaren 10(a), larunbata
Bye bai
2014(e)ko maiatzaren 9(a), ostirala
Dear beer
Akabo Renoko azkenaurreko egonaldia. Bihar-etzi, Renotik San Franciscora, San Franciscotik Frankfurtera, Frankfurtetik Bilbora, Bilbotik Zarautza. Bi hilabete eskas barru hemen naiz berriro, baina, bitartean, etxeko goxotasunarekin gozatzea dagokit. Zer botako dudan faltan? Eguraldi lehor eta eguzkitsua, fijo. Eta garagardoa. A ze kalitatea eta barietatea. Nire faboritoak, IPAk eta gorri batzuk. Urtarriletik hona etxean edandakoen muestra da argazkikoa. Niri ez atera kaƱa edo zuritorik bi hilabete hauetan, Jainkoaren izenean. Kriantza, please.
2014(e)ko maiatzaren 5(a), astelehena
Egun folklorikoa Genoan
Egun folklorikoa izan genuen larunbatean, Genoa herrixkan. Pixka bat Zarauzko euskal jaian bezala sentitu nintzen, jendea cowboy eta cowgirl jantzi dotoreekin ikusita, country musika giroan. Duela hilabete batzuk Elkon bizitako Cowboy Poetry Gathering-aren tankerako festa, baina formato txikian: Oestearen historiari buruzko emanaldi eta hitzaldiak, cowboy poeten errezitaldiak, eta country musika. Nobedadea, natiboen kultur ondareak ere izan zuela bere tokitxoa, oso bazterrekoa izan arren.
2014(e)ko maiatzaren 2(a), ostirala
Doug tranperoa
Atzo ere far baina very far westean izan ginen. Bill Douglassek bere arrantxora eraman gintuen, Smoke Creek-era. Bost orduko joan-etorria kotxean, eta bost orduko ibilbidea todoterrenoan arrantxoko lurretan, harri koskor bolkanikoz jositako bideetan (?) barrena, safaria bailitzan. Asto silbestreak. Mustang zaldiak. Antilopeak. Oreinak. Pelikanoak. Bi suge. Eta koiote bat. Hala ere, eguneko espezimen bereziena bi hankekoa izan zen. Doug tranperoa. Herenegun mountain lion batek, puma batek, Espil euskal-amerikarren artaldeari eraso zion. Haren atzetik zebilen Doug, tamaina guztietako zepoz betetako kamionetan. Arra dela, eta handia, horixe besterik ez zekien. Tranpero profesionala da, administrazio federalak kontratatua. 1980ko hamarkadatik dabil puma eta koioteen peskizan. Bizitza osoan 50 bat mountain lion harrapatu omen ditu. Oraingo honi arrastoa jarraitzea zaila nonbait, eta aztoratuta zebilen Doug. "Hain nauka amorrotatuta, azkenean hiltzen badut pozik berpiztuko nukeela, berriro akabatu ahal izateko." Argazkian, mountain lion honen tamainakoak harrapatzeko erabili ohi duen zepoa erakusten Bill, Miren, eta Josebari.
Harpidetu honetara:
Iruzkinak (Atom)