2014(e)ko apirilaren 30(a), asteazkena

Hartzak bertatik bertara

Hartzak azkenean! Bertatik bertara! Well, argazkia ez dut nik atera. All right, hartzak ez dituk nik neuk ikusi. Baina Marijo eta Felix lagun bizkaitarrek ikusi eta fotografiatu dituzte aste honetan Sequoia Parken. Taldekide bakarrak gailurra egitea nahikoa izaten da Himalaiako espedizioetan.

2014(e)ko apirilaren 28(a), astelehena

Tabernarik zaharrena

Nevadako tabernarik zaharrena omen denean hartu genuen atzo amber ale bana Patxik eta biok, Carson bailararen inguruetan lau orduko ibilaldia egin ondoren. Urre sukarraren beroan sortu zuten herria, Genoa, 1851n. Diotenez, Nevadako herririk zaharrena; alegia, zuriek orain Nevada denaren mugen barruan ezarritako lehen kokagunea. Handik bi urtera, bazuten taberna. Handik hamalau urtera, kanposantua. Eta denda/taberna hura, orduan Livingstone's Exchange, Genoa Bar da orain. Aspaldian berritu gabea, zahar ukitu benetakoa du. Turistentzako amuak gorabehera (Jesse Jamesen afixa zaharrak eta abar), badu xarma txokoak.  


2014(e)ko apirilaren 25(a), ostirala

Rodeo giroa

(Arrantxoari buruzkoa azkena)
Aitona Montero eta amona Bidart, sustrai nafarrak dituzte monterotarrek. Euskal jatorria baino, ordea, Oesteko sustraiak ageri dira, nabarmen, txoko guztietan. Rodeoa dute kirol erregea. Anai-arreba guztiak aritu ziren gaztetan rodeo lehiaketatan, eta halaxe dabiltza orain horretarako adina dute iloba guztiak. Zaldi gainean ibiltzeko tresnak, eta rodeotako sariak, ikurrak eta argazkiak dituzte bazter guztietan. Sari preziatuenak, larruzko zelak (eserlekua, alegia). Nongo unibertsitatera joan aukeratzean, rodeoetarako azpiegitura eta taldea izatea faktore erabakigarria da. Rodeo eremua dute noski arrantxoan. Jillian (argazkian) eta Savannah aritu ziren entrenatzen astelehenean, Glynn osaba/aitaren gidaritzapean.        



2014(e)ko apirilaren 23(a), asteazkena

Txertatu, irendu, markatu



Lanean jarri gintuzten arrantxoan astelehen goizean. Leonard eta Dan anaia monterotarrak zaldi gainean lakiorekin txekor-txahalen arrantzan; Sergio edo Luis langile mexikarrak abere lakioz harrapatuak lurrean menderatzen, Glynn beste anaia monterotarrarekin batera; Glynn, gainera, guraizeekin belarrietan marka egiten; Rene eta Iker/Imanol (txandaka) animalia bakoitzari txertoa ezartzen, pistola moduko banarekin; Suzzy monterotarren ama txekorrak irentzen; eta Sergio edo Luis burdin goriarekin marka egiten: M (Montero) eta B (Bidart). Dena bukatuta, zaldi gainean beste eremu hesitu batera bideratu genituen txekor eta txahal markatu berriak. Tesia ez dakit bukatuko dudan, baina cowboy karneta ateratzeko bidean naiz.




2014(e)ko apirilaren 22(a), asteartea

Monterotarren arrantxoan

Dan lagunaren familiaren arrantxoan izan gara asteburu pasa, Nevada iparraldean, Black Rock basamortuaren ertzean. Hori bai dagoela in the middle of nowhere. Gertuen daukan herria, Denio, 90 kilometrora dago. Baina ez du ez supermerkaturik ez gasolindegirik. Wikipediaren arabera, 47 biztanle. Supermerkatu eta guztiko lehenengo herria, Winnemucca, 150 kilometrora dago. Arrantxoaren lurrek 150.000 acre hartzen dituzte. Hori zenbat den? Atera kontuak: Gipuzkoa osoan Monterotarren hiru arrantxo baino ez lirateke kabituko. Ranchero artean lanean bezala aritzeko pribilegioa izan dugu larunbatetik astelehenera. Igandean buckarooing aritu ginen; alegia, berrogei bat txekor eta bigantxa eremu batetik bestera bideratu genituen, zaldi gainean oihuka. Zaldi biziena eman zidaten niri noski, menperatzen zailena. Horregatik noa azkena argazki honetan.



2014(e)ko apirilaren 18(a), ostirala

Elurra urtzen

Basamortua eta harri kozkorrak besterik ez dizkizuet erakutsi orain arte, baina bestelako koloreak ere baditugu hemen. Argazki hau duela hilabete pare batekoa da, Tahoe lakua inguratzen duten gailurretako baten maldetan (Mount Rose), Renotik ordubetera kotxez. Ez zegoen goraino igotzerik. Dagoeneko urtua izango da elurra malda horietan, baina Tahoe inguruko gailurrak guztiz elurtuta daude oraindik, oro har negu lehorra izan den arren. Aurtengoan ez naiz eskiatzera joan, baina snowshoeing zer den ikasi dut.


2014(e)ko apirilaren 16(a), asteazkena

Ur termalak eta hartzak

Hot spring ugari ditugu aukeran inguruan. Ur termalak, alegia. Joan den igandeko mendi bueltaren ondoren, Markleevilleko hot springetan bukatu genuen. Gustora asko, argazkian ikus dezakezuenez, nahiz eta ur frexkoxeagoa eskertuko genukeen, egin zuen eguraldiarekin. Hain zuzen ere Hot Springs Creek izeneko errekan gora ibili ginen, basoan barrena eta ur jauzi artean, oraingoan ere hartza noiz ikusiko. Dan winnemucarrak inguru hauetan ikusi zuen hartza behin, bizitza osoan basoan ikusi duen bakarra, hain zuzen. Adi ibili ginen bide osoan, baina betikoa: hartzak ikusi gintuen, baina guk bera ez.


 
Argazkian, ezkerretik eskuinera, Patxi, Amaia, Marijo eta Markleevilleko guarda forestala. Argazkilaria, Dan.