Lehendik ere izana naiz Nevadan, baina 2014ko hau izango dut azken egonaldi luzea. Idaztekotan motzean idazteko asmoa dudalako aukeratu dut izenburu hau. Testu luzerik topatuz gero, eskatu erreklamazio orria.
2014(e)ko martxoaren 31(a), astelehena
70etara bidaia
Gozatu genuen atzo Hair musikala ikusten. 70eko hamarkadara egin genuen atzera ordu pare batez: hippyak, Vietnam, amodio librea, marihuana... Gozatu bai, baina, belaunaldi kontua izango da, hunkitu ez. Tina nire etxekoandrea eta bere ahizpa Molly, ordea, hunkitu egin ziren. Hair musikalak islatzen duen giroa oso modu intentsoan bizi izan zuten ikasle zirela. Eta musikala berak ere eragin handia izan omen zuen beraientzat. San Franciscon ikusi zuten, 70eko hamarkadaren hasieran. Orain ez bezala, marihuana kea eta usaina eszenografiaren parte izan ei ziren orduan. Abesti asko ezagunak dira guretzat ere. Batzuk, ederrak. Adibidez, Ain't got no. Nina Simoneren bertsioaren bidez ezagutzen nuen nik lehendik. Egia esan, nahiago Simonerena, musikaleko (edo pelikulako) orijinala baino. Konparatu.
2014(e)ko martxoaren 30(a), igandea
32 ordu
2014(e)ko martxoaren 26(a), asteazkena
Greg Lemonden arrastoan
Washoe lakuari buelta osoa eman genion lehengoan Joseba A. tropelkideak eta biok. Argazkian ikus dezakezuen bezala, laino guztien azpitik ez ezik sasi guztien azpitik ere ibili behar izan genuen, baina bukatu genuen ibilbidea. Greg Lemond-ek bere aurreneko pedalkadak emandako lurraldeak dira hauek. Kalifornian jaioa, baina Washoe Cityn hazia da txirrindulari ohia. Txirrindulari asko gurutzatu genituen larunbatean, baina nago haietako inor ez zela Tourreko txapelduna. Denak gu baino mantsoago zihoazen.
2014(e)ko martxoaren 24(a), astelehena
Armak eta bizitza
Askotan beste planeta batean nabilela iruditzen zait. Atzo, adibidez, kotxean irratia entzuten ari nintzela. Katea, Foxnews. Irratsaioa, Gun Talk. Tertulia programa, hiruzpalau esatari, tarteka entzuleen telefono deiak, gai monografikoarekin: suzko armak. Zer pistola diren onenak, zer errebolber erabil errazenak, zer subfusil eraginkorrenak, nola garbitu hobeto errifleak... Online topatu dut orain irratsaioa: http://goo.gl/nCgUUA Mendira joaten garenean, ia beti entzuten ditugu tiroak. Ez dira ehiztariak, tiro praktikak egiten ari diren cowboy eta cowgirlak baizik. Lagun batek furgonetan batean ikusi berri omen duen kartelarekin akordatu naiz. Nik oraindik ez dut nire begiekin ikusi, baina ez du asmatu: Guns save lives. Horixe: beste planeta bat.
2014(e)ko martxoaren 20(a), osteguna
Tohakum, kaparren erreinua
Lau egun joan dira Tohakum mendira joan ginenetik, eta oraindik agujetak hankapelotetan. Asko samar urrutiratu ginen Renotik ipar ekialderantz, ordu eta erdi kotxez, basamortuaren ertzera, eta asko (samar gabe) ibili ginen gero. Zortzi ordu sastraka lehor, harri arre eta kapar artean. Bai: kaparrak, ticks, garrapatas. Opari polita utz diezazukete, zurean ostatu hartuz gero. Onenean, Rocky Mountains Fever; eta txarrenean, Lyme disease. Dan-en fraka berdeetara nire beltzetara baino gehiagotan egin zuten jauzi. Bukaeran, eskerrak badaezpada ere kamiseta kendu eta bizkarra begiratu genion elkarri. Dagoeneko leku aproposenaren bila zebilen bat kendu zidan lagunak. Gauean, hanburgesa bat eta bi garagardo beranduago etxera itzuli eta dutxatzeko biluztu nintzenean, izterrean okasio bila nuen beste bat! By the way, gailur-gailurra ez genuen konkistatu. Alboko kaskoarekin konformatu ginen. Eta Ipod-ak bere handitasunean jaso ezin duen paisaje ikusgarriarekin.
2014(e)ko martxoaren 18(a), asteartea
Bonba-autoak Saint Patrick egunez
Uste dut irlandar-amerikar askorik ez dagoela Renon, baina berdin dio. Saint Patrick's Day okasio handia da hemen ere. Berde koloreko arropak nagusi, festa giroan ibili da bart jendea Renoko tabernatan, pub irlandarretan bereziki. 1990etan Belfasten jarritako errekorrik ez genuen hautsi, baina launa pinta hartu genituen geuk ere Guinness, Harp eta Smithwicks artean. Gure arteko amerikar bakarra areago joan zen. Car bomb bat eskatu zuen, Saint Patrick egunean derrigorra dela esanda. Guinness pinta erdia, Bailey's eta Jameson whiskyaz egindako txupito-bonbarekin (basotxo eta guzti). Dena trago bakarrean edatea da legea. Ez egin dudarik: picon punch edari euskalduna den neurri berean izango da car bomb-a edari irlandarra.
2014(e)ko martxoaren 17(a), astelehena
The Lyons, animalia horiek
Leku berezia, Bruka Theater. Sarrera online erosi eta, konfirmazioa emailez jasoagatik, telefonoz deitzen dizute sarrera duzula konfirmatzeko. Zure izen-abizenak eguneko ikusleen zerrendan daudela begiratzen dute sarrerako bi lagunek, eta hirugarren batek aretora eramaten zaitu, harmailatan antolatutako 20 sofen artean zure txokoa aukeratzen laguntzeko. Aretoa gainezka, 60 ikusle guztira. Oso cool dena, eta oso cute. The Lyons obra ikusi genuen larunbat gauean. Animaliak, baina hankabikoak: lyontarrak. Aita ohean minbiziz hiltzen, eta familia inguruan, elkarren miseriak erakusten. Komedia beltza, umore garratz eta finekoa (gidoia aurretik irakurrita joan nintzen, txisteak ere harrapatu ahal izateko). Giroa oso intelektuala, baina hori bai, algararik handienak, txalo eta guzti, pertsonaietako batek fuck esaten zuenean. Barre pixkat egin nahi? Go fuck yourself!
2014(e)ko martxoaren 15(a), larunbata
Stampeden agente sekretuarekin
Aspaldiko lagun amerikarra batu da gaur Joseba A. eta bion pelotoira. W. deituko diogu. Gaur ere, ohi bezala, argazkilari izan nahi izan du irudiak hartzeko ordua iritsi denean. Argazkietan ateratzea gorrotu omen du, eta beti moldatzen da ez agertzeko. Sasian edo ezkutuko lanetan dabiltzanek horixe bera egiten dutela bota diot, brometan. Izan ere, CIAko "Basque issues" saileko agentea izateko perfila du W.k. Lana dela-eta joan etorri asko egiten ditu Euskal Herrira eta munduko beste hainbat bazterretara, Renoko euskaldunokin harreman handia du, hemengo eta hango politikari hainbatekin moldatzen da... Kaliforniako lurretan ibili gara gaur, Boca urtegitik Stampedeko urtegira joan-etorrian. Stampedeko urtegira begira despiste momentu bat eduki du W. agente sekretuak eta, lurrean eserita eta bizkarka bada ere, argazkia atera diot.
2014(e)ko martxoaren 12(a), asteazkena
Painted Hills-eko sugeak
Painted Hills-era igo ginen igandean Dan gidariaren eta Koko txakurraren pausoen atzetik Iker eta biok (http://www.nevadarambler.info/blog/2006/06/11/painted-hills). Paiuteen lurraldean, berriro. Gailurretik Pyramid Lake, again. Bueltakoan hondar moduko lurra zapalduz etorri ginen bidearen zati handi batean. Kriskitin sugeentzako leku aproposa zela azaldu zigun Dan-ek. Euskaraz ez du beldur handirik ematen, baina ingelesez, bai: rattlesnake. Inguru hauetan ibili ziren euskal artzainen etsai beldurgarrienetakoak omen. Lasai hartzeko esan zigun. Normalean ez dela hilgarria, gihar-ehunek eta nerbioek luzerako kaltea izango luketen arren sugeren batek kosk eginez gero. Sugeen kriskitina entzunez egin nuen handik aurrerako bide osoa.
2014(e)ko martxoaren 10(a), astelehena
Johnny Cashen oihartzuna
Ez dakit Johnny Cashek zer esango lukeen joan den larunbat gauean El Dorado kasinoko auditorioan ikusi genuen showa ikusiko balu. Hamar artisten artean Cashen kantutegiari egin zioten errepaso entretenigarria gustatu zitzaigun. Dena oso western style. Baina, jakina, Cashen ahotsa Cashen ahotsa da. Eta han ez genuen haren oihartzunik izan, abeslarietako batzuk, nor bere erara, bikainak izan arren. Hori bai, abestietako batzuk Cashen ahotik berriro entzuteko gogoa piztu zidaten. Hauxe, adibidez.
2014(e)ko martxoaren 9(a), igandea
Globulo gorriak gainezka
Patxik hartza ikusi zuen parajeetan ibili gara bizikletaz, Kalifornian sartu irtenak eginez, Verdi inguruan. Ez hartza ikusteko asmoarekin, Paris-Nizarekin txirrindularitza sasoia martxan jarri berria denez guk ere gure sasoi puntua hartu nahi dugulako, Zarautza iristean tropelean barregarri ez ibiltzeko. Hemen alturan entrenatzen dugu, profesional onek bezala. Itsaso mailatik ia 1.400 metrora gaude Renon. Nire kalkuluen arabera, siesta egiten ari naizen bitartean ere nire lagunak kostaldean bizikletaz dabiltzanean baino entrenamendu hobea egitea ari naiz. Globulo gorriak gainezka egiten didate. Matxinbentako klasikoan errekor guztiak hausteko moduan jarriko naiz oraingoan. Azkenean, gainera, hartza ere ikusi dugu. Hemen froga.
2014(e)ko martxoaren 6(a), osteguna
ETA, koadrila eta azentu frantsesa
Irakasle lanak egin ditut gaur. Ending ETA izenburuko hitzaldia eman diet Basque Culture ikasgaia aukeratu duten ikasleei. ETAren eta bake prozesuen historia laburra azaldu ondoren, azkenaldiko gertaerak azaltzen saiatu naiz, ikasle amerikarrek ulertzeko moduan. Ia ordubete. Arretaz jarraitu dutela iruditu zait. Baina asuntoa interesgarriagoa egin zaie, azken hamar minutuetan, Sandy iraskasleak nire herriaz, giroaz, eta, bereziki, koadrilaz galdetu didanean. Haur eskolan elkar ezagututako adiskideok oraindik ostegunero soziedadean afaria egiten dugula azaldu diedanean National Geographic-ekoei deitzekotan egon direla uste dut. Behin bukatuta, bi ikasle hurbildu zaizkit. Bata, arbaso euskaldunak dituela azaltzeko, Onaindiatarrak, Muxikan. Bestea, zer hizkuntza hitz egiten ditudan galdetzeko, eta ingelesez hitz egitean azentu frantsesa daukadala esateko.
Ikasleei jarri diedan hiru bideotako bat (Renora etorri bezperakoa, hain zuzen).
Ikasleei jarri diedan hiru bideotako bat (Renora etorri bezperakoa, hain zuzen).
Harpidetu honetara:
Iruzkinak (Atom)




