Hartzak azkenean! Bertatik bertara! Well, argazkia ez dut nik atera. All right, hartzak ez dituk nik neuk ikusi. Baina Marijo eta Felix lagun bizkaitarrek ikusi eta fotografiatu dituzte aste honetan Sequoia Parken. Taldekide bakarrak gailurra egitea nahikoa izaten da Himalaiako espedizioetan.
Lehendik ere izana naiz Nevadan, baina 2014ko hau izango dut azken egonaldi luzea. Idaztekotan motzean idazteko asmoa dudalako aukeratu dut izenburu hau. Testu luzerik topatuz gero, eskatu erreklamazio orria.
2014(e)ko apirilaren 30(a), asteazkena
2014(e)ko apirilaren 28(a), astelehena
Tabernarik zaharrena
Nevadako tabernarik zaharrena omen denean hartu genuen atzo amber ale bana Patxik eta biok, Carson bailararen inguruetan lau orduko ibilaldia egin ondoren. Urre sukarraren beroan sortu zuten herria, Genoa, 1851n. Diotenez, Nevadako herririk zaharrena; alegia, zuriek orain Nevada denaren mugen barruan ezarritako lehen kokagunea. Handik bi urtera, bazuten taberna. Handik hamalau urtera, kanposantua. Eta denda/taberna hura, orduan Livingstone's Exchange, Genoa Bar da orain. Aspaldian berritu gabea, zahar ukitu benetakoa du. Turistentzako amuak gorabehera (Jesse Jamesen afixa zaharrak eta abar), badu xarma txokoak.
2014(e)ko apirilaren 25(a), ostirala
Rodeo giroa
(Arrantxoari buruzkoa azkena)
Aitona Montero eta amona Bidart, sustrai nafarrak dituzte monterotarrek. Euskal jatorria baino, ordea, Oesteko sustraiak ageri dira, nabarmen, txoko guztietan. Rodeoa dute kirol erregea. Anai-arreba guztiak aritu ziren gaztetan rodeo lehiaketatan, eta halaxe dabiltza orain horretarako adina dute iloba guztiak. Zaldi gainean ibiltzeko tresnak, eta rodeotako sariak, ikurrak eta argazkiak dituzte bazter guztietan. Sari preziatuenak, larruzko zelak (eserlekua, alegia). Nongo unibertsitatera joan aukeratzean, rodeoetarako azpiegitura eta taldea izatea faktore erabakigarria da. Rodeo eremua dute noski arrantxoan. Jillian (argazkian) eta Savannah aritu ziren entrenatzen astelehenean, Glynn osaba/aitaren gidaritzapean.
2014(e)ko apirilaren 23(a), asteazkena
Txertatu, irendu, markatu
Lanean jarri gintuzten arrantxoan astelehen goizean. Leonard eta Dan anaia monterotarrak zaldi gainean lakiorekin txekor-txahalen arrantzan; Sergio edo Luis langile mexikarrak abere lakioz harrapatuak lurrean menderatzen, Glynn beste anaia monterotarrarekin batera; Glynn, gainera, guraizeekin belarrietan marka egiten; Rene eta Iker/Imanol (txandaka) animalia bakoitzari txertoa ezartzen, pistola moduko banarekin; Suzzy monterotarren ama txekorrak irentzen; eta Sergio edo Luis burdin goriarekin marka egiten: M (Montero) eta B (Bidart). Dena bukatuta, zaldi gainean beste eremu hesitu batera bideratu genituen txekor eta txahal markatu berriak. Tesia ez dakit bukatuko dudan, baina cowboy karneta ateratzeko bidean naiz.
2014(e)ko apirilaren 22(a), asteartea
Monterotarren arrantxoan
Dan lagunaren familiaren arrantxoan izan gara asteburu pasa, Nevada iparraldean, Black Rock basamortuaren ertzean. Hori bai dagoela in the middle of nowhere. Gertuen daukan herria, Denio, 90 kilometrora dago. Baina ez du ez supermerkaturik ez gasolindegirik. Wikipediaren arabera, 47 biztanle. Supermerkatu eta guztiko lehenengo herria, Winnemucca, 150 kilometrora dago. Arrantxoaren lurrek 150.000 acre hartzen dituzte. Hori zenbat den? Atera kontuak: Gipuzkoa osoan Monterotarren hiru arrantxo baino ez lirateke kabituko. Ranchero artean lanean bezala aritzeko pribilegioa izan dugu larunbatetik astelehenera. Igandean buckarooing aritu ginen; alegia, berrogei bat txekor eta bigantxa eremu batetik bestera bideratu genituen, zaldi gainean oihuka. Zaldi biziena eman zidaten niri noski, menperatzen zailena. Horregatik noa azkena argazki honetan.
2014(e)ko apirilaren 18(a), ostirala
Elurra urtzen
Basamortua eta harri kozkorrak besterik ez dizkizuet erakutsi orain arte, baina bestelako koloreak ere baditugu hemen. Argazki hau duela hilabete pare batekoa da, Tahoe lakua inguratzen duten gailurretako baten maldetan (Mount Rose), Renotik ordubetera kotxez. Ez zegoen goraino igotzerik. Dagoeneko urtua izango da elurra malda horietan, baina Tahoe inguruko gailurrak guztiz elurtuta daude oraindik, oro har negu lehorra izan den arren. Aurtengoan ez naiz eskiatzera joan, baina snowshoeing zer den ikasi dut.
2014(e)ko apirilaren 16(a), asteazkena
Ur termalak eta hartzak
Hot spring ugari ditugu aukeran inguruan. Ur termalak, alegia. Joan den igandeko mendi bueltaren ondoren, Markleevilleko hot springetan bukatu genuen. Gustora asko, argazkian ikus dezakezuenez, nahiz eta ur frexkoxeagoa eskertuko genukeen, egin zuen eguraldiarekin. Hain zuzen ere Hot Springs Creek izeneko errekan gora ibili ginen, basoan barrena eta ur jauzi artean, oraingoan ere hartza noiz ikusiko. Dan winnemucarrak inguru hauetan ikusi zuen hartza behin, bizitza osoan basoan ikusi duen bakarra, hain zuzen. Adi ibili ginen bide osoan, baina betikoa: hartzak ikusi gintuen, baina guk bera ez.
Argazkian, ezkerretik eskuinera, Patxi, Amaia, Marijo eta Markleevilleko guarda forestala. Argazkilaria, Dan.
Argazkian, ezkerretik eskuinera, Patxi, Amaia, Marijo eta Markleevilleko guarda forestala. Argazkilaria, Dan.
2014(e)ko apirilaren 15(a), asteartea
Cowboyak eta federalak
Asteburu honetan gertatu da. Federalek (the feds) Nevada hegoaldeko ranchero baten laurehun behi konfiskatu dituzte, hesitu, honek lur federalen erabileragatik dagozkion zergak ordaintzeri uko egin diolako azken 20 urtean. Dozenaka cowboy armatu Cliven Bunny rancheroari laguntzera etorri dira. Batzuk zaldi gainean besteak oinez, federalei aurre egin diete. Hanka egiteko, cowboy armatuek ("we the people") ez dutela atzera egingo. Administrazio federalak (Bureau of Land Management, BLM) amore eman du, ondorio larriagoak saiheste aldera. Alegia, tiroka ez bukatzearren. Behiak askatu, eta alde egin dute. Hemen, albistea: http://www.reviewjournal.com/news/nevada/strife-dissipates-after-cattle-roundup-federal-land-agency-pursue-other-action. Herri armatua inoiz ez zanpatua, Wild West style.
2014(e)ko apirilaren 14(a), astelehena
Itsasomina
1987an Londresera sei hilabeterako joan nintzenean izan nuen lehenengoz itsasomina. Hasieran ez nintzen akordatu ere egin, baina hilabete batzuk joan zirenean, bat-batean konturatu nintzen itsasoa falta nuela. Geroztik beti gertatzen zait kanpora luzerako joaten naizenean. Oraintsu bete ditut hiru hilabete Renon eta, oraingoan, ez dut Pazifikora joan-etorririk egin. Pyramide, Tahoe, Washoe... laku ederrak bai eskura, baina ez olaturik ez aparrik. Uste dut Atxagari irakurri niola, Nevadako Egunetan, basamortua itsasoa bezala dela. Egia. Begiratu, bestela, joan den asteburuan ateratako argazkiari. Itsasoa, artxipelago eta guzti.
2014(e)ko apirilaren 11(a), ostirala
Artzain pelukeroa
Pauso bat eman orduko euskaldunen baten arrastoa ateratzen zaizu inguru hauetan. Lagun amerikar batek gomenduta joan nintzen Scissors and Comb ileapaindegi zaharrera. Ilea mozten ari zitzaidan bitartean hizketan hasi, euskalduna nintzela esan eta, hara!, artzain euskaldun batek sortutako ileapagaindegian nengoen. Leandro Urrutia Lianzoaingo semeak ireki omen 1960ko hamarkadan, lesioren baten ondorioz artzain jarraitu ezin zuela eta. 1980ko hamarkadan erretiroa hartu zuenean, ilea moztu zidanaren senarrak hartu zion erreleboa. Sarean artzain pelukeroaren arrastoaren bila hasi, eta Mielanjel Elustondok elkarrizketa egin ziola ikusi dut hemen: http://basque.unr.edu/oralhistory/urrutia_leandro/leandro_urrutia.htm. Hurrengo urtean hil zen, 1995ean. Ileapaindegiko bitxikeria: ispiluari bizkarra emanda mozten dizute ilea, makinillaren kablea entxufera ez delako iristen bestela.
2014(e)ko apirilaren 10(a), osteguna
Uda unibertsitatean
72 gradu Farenheit oraintxe Renon, 22 Celsius alegia. Egunero oskarbi, eguzkia gogor jotzen ari da egunotan. Hondartza giroa, hondartzarik balego. Bainatzeko giro ederra, hondartzarik gabe ere. Duela bost minutu grabatu dut bideo hau unibertsitatean, gure zentroaren parean. Ez dakit zertarako dirua biltzen ari da neska talde bat. Dolar baten truke beisbol pilota hainbat aldiz bota dezake bezeroak. Jomugari emanez gero, neska uretara, eserlekuak behera egiten baitu palanka modu baten bidez. Hamalau tiro grabatu ditut, eta honek bakarrik (erdi)asmatu du.
2014(e)ko apirilaren 8(a), asteartea
Berri onak Sparksen
Milia gutxi batzuk egingo dituzte Berri Txarrak taldekoek hurrengo egunotan. Atzo Sparksen (Reno ondoan), gaur San Francisco, bihar Merced, etzi Chico (Kalifornia), etzidamu Eugene (Oregon), larunbatean Seattle (Washington), igandean Portland (Oregon) eta asteartean, Brooklyn, New York. Los Angelesen disko berrirako grabazioak bukatu berritan furgonetan etorrita, gurekin hasi zuten bira bart. Astelehen gaua izateko, Sparks izateko, taldetxoa bildu ginen kalitatezko rocka bi metroko distantziara dastatzeko eta lehen lerroan jauzi batzuk egiteko. Musika estilo honen oso zale izan gabe ere, gozatu ederra hartu genuen nire iloba Xantiren talde faboritoarekin. Dan Montero lagunak Facebookean idatzi duen bezala, "those guys kicked off U.S. tour with a bang!." Argazkia ere Dan-ena da.
2014(e)ko apirilaren 7(a), astelehena
Monty Python eta bizitzaren alde ona
Nire malekoi maitetik hain urruti hiri amerikar galdu batean bizitzeak baditu bere abantailak. Zarautzen ez dauzkadan aukerak ditut Renon. Ostiralean, esate baterako, Monty Python and Spamalot musikala ikusi nuen. Monty Python and the Holy Grail pelikulan oinarritutako ikuskizuna. Gogoratzen Arthur erregearen zerbitzaria bi koko-erdirekin zaldi trostaren soinua egiten? Ba horixe. Sarrerak agortuta zeuden iritsi nintzenerako, baina itxaron zerrendan aurrena nintzen, eta barrura. Nahiko barre egin genuen. The life of Brian-eko azken abestia ere kantatu eta dantzatu zuten, bi aldiz. Saiatzen naiz, hain zuzen ere, abesti horren espirituari eusten, nagoen tokian nagoela. Always look on the bright side of life. Esandakoa, hiru hilabete itsasoa ikusi gabe egote honek badu bere bright side-a
2014(e)ko apirilaren 6(a), igandea
Petroglifoen peskizan
Duela lau mila urtekoak omen dira Golden Eagle Hills-etako petroglifoak. Harkaitzean egindako grabatuak, alegia. Dan eta Rene gidarien atzetik etorri gara Marijo eta biok Reno ekialdeko basamortu honetara, eta topatu ditugu batzuk azkenean. Markel ilobarekin akordatu naiz, grabatuak interpretatzen saiatu garenean. Garbi dago: hiru antilope ezkerraldean, ehiztariak eskuinaldean, eta perretxikoak lakuaren ertzean. Muskerrek urre kolorea dutelako esaten zaie inguru hauei Golden Eagle Hills. Just kidding. Kontua da arranorik ez dugula ikusi, baina muskerrak bai, eta ugari. Kamuflaje azala dute, lurraren kolorekoa, baina hori ez da arazo. Koioteak bereizten ikasi nuenetik, rastreadore paiuteena baino ikusmen zorrotzago garatu dut.
2014(e)ko apirilaren 1(a), asteartea
Ansotegui cowboya
Asteburuan anfitrioi lana egitea egokituz gero, ez dago Virginia City baino hoberik. Garai onetan meatzari hiri garrantzitsua izana, orain oeste giroko herritxo turistikoa da. Larunbat-igandetan, bertako boluntarioak cowboy eta cowgirl jantzian agertzen dira. Herrian gora eta behera ibili ondoren, Bucket of Blood ostatura sartu ginen, Comstock Cowboys taldea zuzenean ari zela eta. Garagardo bana Marijok eta Mikelek, bourbona Josebak eta biok (beste Joseba bat, ez Joseba A. ez Joseba Z., baizik eta Joseba I.A.). Azkar egin du laguna Josebak: "Basques? The drummer is Basque too!". Azkar etorri zaigu bateriajolea. Mike Ansotegui. Aita gernikarra, bera nevadarra, Fallonekoa, inoiz Euskal Herrian izan gabea, baina oso harro euskal jatorriaz. Kotxeko matrikulan, emailean eta twitterrean zbasque da. "Zelan zabiz" eta beste esaldi pare bat esateko gauza da. Cowboy kapelagatik ez balitz, euskaldun petoa.
Harpidetu honetara:
Iruzkinak (Atom)




