2014(e)ko apirilaren 1(a), asteartea

Ansotegui cowboya

Asteburuan anfitrioi lana egitea egokituz gero, ez dago Virginia City baino hoberik. Garai onetan meatzari hiri garrantzitsua izana, orain oeste giroko herritxo turistikoa da. Larunbat-igandetan, bertako boluntarioak cowboy eta cowgirl jantzian agertzen dira. Herrian gora eta behera ibili ondoren, Bucket of Blood ostatura sartu ginen, Comstock Cowboys taldea zuzenean ari zela eta. Garagardo bana Marijok eta Mikelek, bourbona Josebak eta biok (beste Joseba bat, ez Joseba A. ez Joseba Z., baizik eta Joseba I.A.). Azkar egin du laguna Josebak: "Basques? The drummer is Basque too!". Azkar etorri zaigu bateriajolea. Mike Ansotegui. Aita gernikarra, bera nevadarra, Fallonekoa, inoiz Euskal Herrian izan gabea, baina oso harro euskal jatorriaz. Kotxeko matrikulan, emailean eta twitterrean zbasque da. "Zelan zabiz" eta beste esaldi pare bat esateko gauza da. Cowboy kapelagatik ez balitz, euskaldun petoa.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina