2014(e)ko otsailaren 28(a), ostirala

Waldorfeko txistularia

Ez dakit zer moduzko historiagilea den Joseba Agirreazkuenaga (just kidding), baina txistuarekin eta danbolinarekin ondo moldatzen da behintzat. The Little Waldorf-en garagardoa eta Buffalo chicken wings atera zizkigun urtebetetzea zuela-eta, eta kontzertua eskaini ere bai. Kokotsa aurrera eta atzera mugituz egin genion dantza.  Joseba A. eta Joseba Z.ren artean egokitu nintzen mahaian: Atxagaren liburuko kazetaritza irakaslea Zulaika bera ote den eztabaidan aritu ginen. Ni, baiezkoan. Mahaiaren beste bazterretik, Truckee ibaian amuarrainak arrantzatzen ari zela hartza bertatik bertara ikusi berri duela kontatu zuen Patxi iruritarrak. Ibaira ura edatera jaitsi zela, eta behin egarria asetu ondoren, basora itzuli zela. Verdi parean izan zen, gu lehengoan bizikletaz joandako inguru berean. Gero eta gertuago nago.




2014(e)ko otsailaren 26(a), asteazkena

Louisen txokoa

Estimua diot Louis Basque Cornerri, eta ez hain zuzen zerbitzariek poxpolin jantzita egiten dutelako lan. Mingain eder askoa bazkaldu dut gaur, Oral History ikastaroan irakasle izan nuenarekin batera. Hain zuzen, ikastaro horren barruan elkarrizketa luzea egin nien orain bi urte, bi saiotan, Corner honen sortzaileei, Louis zuberoarrari eta Lorraine kaliforniarrari. Jatetxeari buruz galdetzera joan, eta Patton jeneralaz, Clark Gablez eta Paulino Uzkudunez aritu zitzaizkidan. Istorio ederrak. Fourth Street Oral History Project-en barruan online izango dira noizbait elkarrizketaren grabazioa eta traskripzioa. Iaz, Lorraine hil egin zen. Gaur, hau poza, jatetxeko barran Louis bera topatu dugu. Zahartua (laster 90) eta tristetua, baina asteroko bisitari uko egin gabe. Nagusi berriak ditu Cornerrak duela urte gutxitik, bi amerikar gazte, baina Louis etxean bezala dago: zerbitzariek poxpolin jantzita jarraitzen dute behintzat.



2014(e)ko otsailaren 24(a), astelehena

Kaixo Dolly

Luis Iriondo polifazetikoak orain gutxi kontatu zidan karrera artistikoa gaztetan Londresen My Fair Lady ikusi zuenean hasi zuela. Txundituta gelditu zen. Libreto osoa gaztelerara itzuli zuen eta kanta batzuk euskarara, ikuskizuna noizbait ekoizteko ilusioz. Ez zuen lortu. Alternatiba: beste lau azkoitiarrekin Los Contrapuntos taldea sortu eta, aurreneko diskoa, My Fair Lady. Jakin-eko 'Historia Bizia' sailean argitaratu berri da elkarrizketa. http://www.jakingunea.com/memoria/historia-bizia/luis-iriondo/781 Hello Dolly! musikala Broadwaytik Renoraino etorri da. Beste Louis batekin lotzen dut abestia, (http://grooveshark.com/#!/s/Hello+Dolly/4ODcrk?src=5) baina musikala bera ikusten izan naizenean, Azkoitikoarekin akordatu naiz, My Fair Lady-k betirako sorgindu zuen Luisekin. Dollyk ez nau ni hainbeste markatu, baina ederra izan da. Martxoan, Hair.


2014(e)ko otsailaren 22(a), larunbata

Quarter Basque

Batek baino gehiago esan izan dit: "I am a quarter Basque". Asko daude inguru hauetan. Aiton-amonetako bat Euskal Herritik etorria, guztiz amerikarrak dira noski, Normalean aiton-amonaren jatorrizko herriaren izena ere ez dute jakiten. Pub'n'Subs tabernako terrazan hurbildu zaigu azken quarterra, Paula, euskaraz sumatu gaituelako. Hizkuntza identifikatzen badaki, baina ez daki "bai" esaten ere. Amona bizkaitarra zuela besterik ez daki. Ez da Euskal Herrian inoiz izan, ezta asmo handirik ere. Baina oso harro dago quarter Basque delako. Eta telefonoa eta emaila eman dizkigu, mendialdeko bere etxera joan gaitezen bisitan, denok euskaldunak garelako.   

2014(e)ko otsailaren 19(a), asteazkena

Washoak, paiuteak, euskaldunak

Etxetik ikusten da Peavine mendia, Zarauztik Pagoeta bezala, baina bi orduz ibili ondoren, argazki honetan bezain urruti jarraitzen du, han atzean erdi elurtuta. Noizbait iritsiko naiz goraino.



Bidearen hasierako panel honetan irakur daitekeenez, washoe indiarren lurraldea izan zen hau. Beste nonbait irakurri dudanez, paiuteak ere bizi izan ziren hemen, ez dakit wahoekin harmonian edo borrokan. Eta washoen eta paiuteen ondoren, euskaldunak. Mendi bidearen hasierako panel honetan hori ere badio, alegia, artzain euskaldunak ere ibili zirela inguru hauetan. Ez zuten batere egarririk pasako ardi gizajoek! 

By the way, Verdiko tren lapurreta famosoa ere hizpide hemen. Lapurrak Peavine mendiaren maldetako mehatzetako tunel batean ezkutatu omen ziren, harrapatu zituzten arte.

2014(e)ko otsailaren 16(a), igandea

Pelikula batean bezala

Goizero bezala irratia hizketan hasi zaidanean, NPR kate publikotik, aspaldian Estatu Batuetan bizi den musikari alemaniarrari elkarrizketa egiten ari zitzaien. Ameriketako bizimodura ohitu al den galdetu diote. "Europarrok ez gara sekula ohitzen. Ameriketan bizi den europarra pelikula baten barruan sentitzen da beti". Arrazoi. Gaur bizikletan Verdi herrira joan-etorria egin dugu Joseba Agirreazkuenaga eta biok, Truckee ibaiaren ertzean barrena. Trenbide ondoan, hauxe irakurri dugu.

 
Oesteko lehen tren lapurreta handia gu geunden lekuan gertatu zela, alegia, 1870ean. Lapurreta hari buruzko pelikulen bila hasi naiz, gero, Interneten. Hauxe topatu dut. 1903an egina, historiako lehen westerna omen. Ez dut inon irakurri Verdiko lapurretan oinarritua dagoenik. Baina, nik, baietz esango nuke.
    

2014(e)ko otsailaren 15(a), larunbata

Cocktail euskaldunena

"You are Basque and you don't know what picon punch is? I can´t believe it!". Aspaldiko kontua, orain oso ondo baitakit picon puncha zer den, zer zapore duen eta zer gutxi edan behar diren mozkortzeko. Reno Gazzette Journal-ek aste honetan ekarri du berria, aste erdian ia orri osoa paperean eta, hau bai bitxia, egun batzuk geroago (gaur) albiste nagusia izan da online edizioan. Breaking news! Euskal Herrian ez dakite picon punch zer den!
Euskaldunon Egunkaria-ren igandeko azken orrirako, aspaldi samar beraz, Valery Karpini elkarrizketa egin nionekoa ekarri dit gogora asuntoak. Entsaladilla errusiarra Errusian egiten ote zuten galdetu nion. Ba horixe, picon puncha Euskal Herrian adina.
http://www.rgj.com/article/20140215/LIV01/302150005/Nevada-s-Basque-drink-picon-punch-almost-unknown-Basque-country 


2014(e)ko otsailaren 13(a), osteguna

Saskibaloizale

Ez naiz sekula saskibaloi zalea izan baina hemen tarteka joaten naiz gure taldeak ikustera, Nevada Wolf Pack. Atzo, gizonezkoena. Musika banda, cheerleaderrak, otso mozorrodun maskotak harmailetara hanburgesak jaurtitzen... dena oso American-style, 11.000 lagunetik gora kabitzen diren aretoan. Jokalariak izarrak dira unibertsitatean, baina, nonbait, ez da huskeria cheerleaderra izatea ere. High-school mailako futbol partida batera joanda nago lagun amerikarrarekin. Bi alaben ama, haietako bat cheerleader dabilelako partida guztietara joaten da. Urduri ere jartzen da, baina ez zelaian gertatzen ari denagatik, ertzean ponpoiak astinduz dabiltzanei begira baizik, alabak pauso okerren bat noiz emango beldurrez. Cheerleader gizonezkoak ere badira, neska arinak airean ibili eta esku bakarrarekin goian eusteko gauza diren morroskoak. Hori bai, nesken gonak baino luzeagoak dituzte prakak. Partida? Uste dut Fresno Stateko gorriek irabazi egin zigutela.    


2014(e)ko otsailaren 11(a), asteartea

Ascuaga kaput

Gaur jakin dut Nevada iparraldeko kasinorik handiena ez dela any more euskaldunona. Orozkotarren seme amerikano John Ascuagak eraikitako inperioa, John Ascuaga's Nugget, saldu egin dute oinordekoek. http://www.rgj.com/article/20140123/ENT/301230007/Casino-news-New-Nugget-owners-eager-implement-positive-changes. Ez da kasino hutsa. Txanpon makina, poker mahai, blackjack tapete eta erruleta mordoa ez ezik, barruan dozena bat jatetxe, taberna mordoska, ehunka hotel logela, kontzertu leku, konbentzio areto eta ez dakit zenbat zerbitzu gehiago eskaintzen dituen azpiegitura erraldoia da. Jabe berriak berrikuntza lanak hasi ditu eta, breaking news, igande honetan bertan (kasino barruko) Orozko euskal jatetxea itxi egingo dute. http://www.ktvn.com/story/24694594/restaurante-orozko-inside-sparks-nugget-to-close-sundayBi euskal jatetxe gelditzen zaizkigu Renon: Santa Fe eta, gure faboritoa, Louis Basque Corner. 



2014(e)ko otsailaren 9(a), igandea

Sierra Nevadako gatazka

Hartza ikusi behar nuela esanez etorri nintzen, eta ikusi dut, baina egunkarietan. Hartzei jaten emateagatik emakume bat atxilotu zutela, lehengoan; hartzen ehizerako arauak auzitan direla, gero; hartzaren eta gizakiaren arteko gatazka -bai, gatazka, conflict- bideratzen laguntzeko enpresa bat sortu dutela, orain. http://www.sacbee.com/2014/02/09/6141891/new-bear-conflict-business-planned.html Zein da gatazka? Gizakiak zaborra eskura uzten badu (Lake Tahoe inguruan sarri gertatzen den bezala), hartza jan bila etortzen da; hartza etortzen bada, gizakia izutu egiten da; gizakia izutzen bada, Wildlife Department-ekoei deitzen die; eta Wildlifekoek hartza leku populatuan atzematen badute, tirokatu egiten dute. 25.000tik gora omen daude Sierra Nevada osoan, horietako asko Tahoe inguruan, Renotik pauso batera. Sarri ibiliak gara Tahoe inguruko mendietan. Ez dut oraindik batere ikusi (arrastoa bai, behin), baina beraiek ikusi naute, fijo.

2014(e)ko otsailaren 7(a), ostirala

Mr. Pink eta gu

Reservoir Dogs-eko Mister Pink-ena egiteko gogoa ematen du batzuetan: "I don't tip." Badakizue, hemen idatziko gabeko legea da tabernetan-eta %15 edo %20 inguruko propina uztea. Garagardoa lau dolar dela? Jarri bost. Afaria 20 dolar? Ordaindu 23 edo 24. Propinarik gabe, soldata miserableak lituzkete zerbitzariek. Euskal Herriko euskaldunok fama txarra dugula esan zidan behin Ameriketako lagun euskaldunak. Gure ohituretarako %15 gehiegi bezala dela, eta zuhurkerian ibiltzen garela askotan. Hori esan zidanetik, propina amerikanoa uzten dut beti, fama txar horri buelta emate aldera. Baina bart gaueko tabernari beteranoaren erretolikak zalantzak sortu dizkit. "Ez dut ulertzen jendea nola bizi den hilean 2.000 dolar bakarrik irabazita. Asteburuko gau on batean 300-400 ateratzen ditut nik. Mila dolar atera ditzaket astean". Tax free, jakina.  


2014(e)ko otsailaren 4(a), asteartea

Elkoko amerikanuak

[Gazta ardoarekin bezala, sarrera hau hobea da musika honekin:
http://grooveshark.com/#!/profile/AUDIENCE/22928576]

Amerikanuak dokumental ederra ikusia baduzue, gogoan izango dituzue Anacabe Store, Elkora ia esku hutsik iristen ziren euskaldunak artzaintzarako bota, laban eta abarrez hornitzen zituen denda, eta artzain erretiratu horiek larunbatero musean jokatzen duten ostatua, The Star. Sasoitsu daude bi negozioak, I can tell you that. Pelikulako protagonista nagusia, Parrillas, duela bi urte hil zela esan zidan Scottiek, The Star-eko nagusi lesakar-amerikarrak, cowboy olerkarien jaialdia zela-eta taberna gainezka zuela. Gainerakoek larunbat goizero musean jarraitzen dutela ere esan zidan. Barraren izkinan ziren haietako bi, Inaxio Imaz loiutarra eta Joxe Fagoaga lesakarra, bata 70eko hamarkadan etorria eta bestea 60koan. Pozik aritu ziren euskaldun iritsi berriekin hizketan. Baina: "Orain ez da euskalduna lehen bezala etortzen. Argazkiak ateratzen dituzue, eta joan egiten zarete".


2014(e)ko otsailaren 2(a), igandea

Ez ahaztu kanperak

Inoiz Elkora Cowboy Poetry Gathering-era joaten bazara, ez ahaztu zure bota kanperak, alkondara koadroduna eta cowboy/cowgirl kapela, Zarauzko euskal jaian kaleko jantzian bezala sentitu nahi ez baduzu. Pentsa, Elkoko fiskal laguntzaileak kontuak eskatu zizkidan, edo barre egin zidan aurpegira, edo biak, Sara Sweatwaterren etxeko festa pribatura zapatilekin joan nintzelako.

Merezi zuen Elkoraino joatea (eta Superbowla galtzea, by the way). Western pelikuletan baino irauten ez zuela uste nuen giroa topatu dugu, nortalgia ukitu handiarekin (old times, haiek bai ederrak...), kutsu kontserbadoreko edukiak nagusi (zaldiak, pistolak, rodeoak, ganadua, tradizioa, rifleak). Kontalari dira gehiago, poeta baino. Umore printzekin, gehienetan. Jendetza erakartzen dute errezitaldietara. Punta-puntakoak, Paul Zarzysky eta (http://www.paulzarzyski.com), profesionalak omen. Edukiengatik, gaizto jarrita, Txomin Agirre gogorarazi didate pixka bat; arrakastagatik, bertsolariak.



Flashik gabeko Ipod honekin ez dut errezitaldien argazki txukunik ateratzerik izan. Country musika saio ugarietako bat, irudian.