Ez naiz sekula saskibaloi zalea izan baina hemen tarteka joaten naiz gure taldeak ikustera, Nevada Wolf Pack. Atzo, gizonezkoena. Musika banda, cheerleaderrak, otso mozorrodun maskotak harmailetara hanburgesak jaurtitzen... dena oso American-style, 11.000 lagunetik gora kabitzen diren aretoan. Jokalariak izarrak dira unibertsitatean, baina, nonbait, ez da huskeria cheerleaderra izatea ere. High-school mailako futbol partida batera joanda nago lagun amerikarrarekin. Bi alaben ama, haietako bat cheerleader dabilelako partida guztietara joaten da. Urduri ere jartzen da, baina ez zelaian gertatzen ari denagatik, ertzean ponpoiak astinduz dabiltzanei begira baizik, alabak pauso okerren bat noiz emango beldurrez. Cheerleader gizonezkoak ere badira, neska arinak airean ibili eta esku bakarrarekin goian eusteko gauza diren morroskoak. Hori bai, nesken gonak baino luzeagoak dituzte prakak. Partida? Uste dut Fresno Stateko gorriek irabazi egin zigutela.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina