2014(e)ko urtarrilaren 31(a), ostirala

Bala bat maitasun

Egunotan gure diariovascoren azalean gehien agertu den albistea orain sei urte gertatu balitz, seguru Atxagaren Nevadako Egunetan kapitulu bat hartuko zuela. Emaztea, 86 urtekoa, paralisiak jota gelditu da etxean erori ondoren. Hil egin nahi duela esan dio senarrari Carson Cityko ospitaleko ohetik. 63 urte dira ezkondu zirela. William Dresser, 88 urte, arma dendara joan da. 22 kalibreko pistola erosi du, eta lau bala. Bi emaztearentzat, bi beretzat. Ospitaleko gelara sartu, tiro bat egin dio emazteari, eta trabatu egin zaio arma. Konpontzea lortu baino lehen harrapatu dute. Bi egunera, emazteak azken arnasa eman du. Fiskalak esan du ez duela heriotz zigorrik eskatuko. 225.000 dolarren bermepean libre utzi dute. Elkarrizketa egin diote. Maite zuelako hil duela esan du. Sorry, ez naiz Atxaga.  

http://www.rgj.com/article/20140129/NEWS01/301290079/Husband-in-Carson-hospital-shooting-Wife-was-miserable-and-begging-to-die-?nclick_check=1

2014(e)ko urtarrilaren 29(a), asteazkena

Lore jokoak Elkon

Aste osoan festa giroan dabiltza Elkon, Amerikanuak dokumental ederraren herrian, poesiaren aitzakian. National Cowboys Poetry Gathering, astelehenetik larunbatera. Festa handia egiten dutela aipatu izan didate inguruan, Oesteko folklorearen erakusgarri aparta dela, eta merezi duela. Cowboy eta cowgirlek buruz ikasita eramaten omen dituzte beraien idazlanak, eta jendaurre entusiastaren aurrean errezitatu. Bertso jaialdien pareko? Durangoko Azokaren oihartzuna? Garai bateko Lore Jokoekin akordatu naiz, webgunean lardaskan ibili naizenean.
https://www.westernfolklife.org/National-Cowboy-Poetry-Gathering-General-Info/
Ez da Zarauztik Durangoko Azokara joatea bezala, bost orduko bidea baitago Renotik Elkora, ia 300 milia, baina ez dugu oraingoz hipotesirik baztertuko.


2014(e)ko urtarrilaren 28(a), asteartea

Badut zaldia

Maskuria hustera zihoala adierazteko, "gizon batengana zaldi bati buruz hitz egitera" zihoala esan zidan lehengoan Mikek: "I have to see a man about a horse". Egin behar zuena egitera zihoala adierazteko eufemismoa omen. Danek gero azaldu didanez, eufemismoak komunerako bakarrik ez baizik eta inori azalpenik eman gabe une batez desagertu nahi duzunerako balio du. Egiaztatu dut: ez didate gezurrik esan. http://en.wiktionary.org/wiki/see_a_man_about_a_horse
Kontua da zaldirik gabeko cowboya baino mugatuago dagoela Renon kotxerik gabeko bizilaguna. Nacho mexikarrarengana behin baino gehiagotan joan behar izan dut zaldiari buruz hitz egitera. Azkenean, hemen da.

2014(e)ko urtarrilaren 27(a), astelehena

Renoko malekoia

Konturatuko zineten: zerua beti urdin ageri da nire argazkietan. Ez dago tranparik. Zuek uholdeen beldur zareten bitartean, hemen lehorte latza, baina eguraldi atsegina. Bi aste hemen, eta egunero-egunero izotz ondoko eguzkia. Rancho San Rafael parkean paseatzeko eta, eguerdi-arratsalde partean, laku ertzean jertse hutsik eserialdia egiteko moduko eguraldi goxoa egin digu egunotan. Hauxe, Renoko malekoia. Poesia irakurtzeko leku aparta: hain zuzen, The Baader-Meinhof Group (by Stefan Aust) irakurtzen aritu naiz ni.


Baina kito. Bihar edo etzi euria edo elurra omen dator. Lurrak eskertuko du.

2014(e)ko urtarrilaren 26(a), igandea

Mark Twainen arrastoan

Mount Davidson konkistatu dugu gaur, Virginia Citytik abiatuta. Mendebaldeko hiri garrantzitsuenetakoa izan zen Virginia City urrearen eta zilarraren aroan, Reno bidegurutze bat besterik ez zenean. Gaur egun, igandetan cowboy eta cowgirl arropak janzten dituzte bertakoek, bisitarien pozerako. Virginia Cityko egunkarian kronikak idatziz ekin zion idazle karrerari Mark Twainek. Mendi buelta egin ondoren irakurri dudanez, Roughing It narrazio erdi-autobiografikoan kontatzen du Virginia Citytik Davidson gailurreko masta nola ikusten zuen. Nahi gabe bada ere, Twainek duela ia mendi eta erdi aipatutako mastaren zati baten irudia ere hartu dugu, Irailaren 11n hildakoen omenezko homemade oroigarriaren irudia hartzean. 


Eta hemen Virginia City, ez osorik, Mount Davison-en gailurretik ikusita.


2014(e)ko urtarrilaren 25(a), larunbata

Emakumeak eta mariskoa

Marisko jana dago gaur etxean. 'Dago' diot, ez 'dugu'. Tinak urtero antolatzen du Saturday Night Ladies Crab Fest. Elegantziaz adierazi dit (gelatik gelara emailez) ez nagoela gonbidatuta. "(...) Daniela, you are welcome to join us.  Imanol, sorry, there will be more dinners in the future (...)". Alegia: Manolo, la cena te la haces solo.

 
San Fraciscoko badian arrantzatutako karramarro freskoak jan ohi dituzte urtero (argazkikoak bezalako buiak, edo buia antzekoak, nik uste). Baina aurtengo sasoia eskasa izan omen da eta, hogeitaka urtetan lehenengo aldiz, kongelatuak erosi behar izan ditu. 

EGUNERATZEA (2014-1-26): Ez zuten dena jan. Baina no problem: Zero Zabor brigadak sartu-irtena egin berri du frigorifikoan. Very effective.

2014(e)ko urtarrilaren 23(a), osteguna

Kazetarien etxea

Atxagatarrak ere bizi izan ziren etxean egin nituen 2011ko lehen hilabeteak, College Driven, Nevadako Egunetan deskribatzen duen etxean hain zuzen, baina Tinaenean hartu dut ostatu ondorengo egonaldietan, eta bertan nago orain ere. College Driveko etxean bezala, euskal letretako izen ezagunak bizi izan dira Robinson Courtekoan ere: Inigo Astiz aspaldi bizi izan zen hemen (the pioneer), Esti Ezkerrak urteak egin zituen nire aurretik (the settler) eta Ainara Gorostizuk bi bisita labur egin zituen 2012n, San Franciscotik joan-etorria  eginda  (the visiter). Estatistiketan sinetsiko balu, euskaldun guztiak kazetariak garela pentsatuko luke Tina landlady renotarrak.


2014(e)ko urtarrilaren 22(a), asteazkena

Ikaslea irakasle

Estudiante tunante etorri nintzen Renora, eta oraindik ere hala naiz, baina ikasleen aurrean hitz egitea ere tokatzen zait tarteka Center for Basque Studies honetan. Zoe Bray irakaslea Basque Cultural Studies ikastaroa ematen ari da semestre honetan undergraduate ikasleentzat, eta Sandra Ott Basque Culture, graduate eta undergraduatentzat. Aste honetan hasi dira klaseak. Biek proposatu didate euren klasean egun batez irakasle izatea, guest lecturer esaten diote, euskal gatazkari eta ETAren bukaera prozesuari buruz hitz egiteko. Martxoan izango da, bai batean zein bestean, baina dagoeneko izenburua eskatu didate: "Ending ETA: a unilateral decision after 50 years of armed struggle". Kontuz ibili beharra daukat: Bill Douglassi 'Mister Basque' esaten dioten bezala, ez ahal dira niri 'Mister ETA' esaten hasiko.

2014(e)ko urtarrilaren 21(a), asteartea

Arrantza ebanjelikoa

Harrigarria eta beldurgarria da hainbat sekta kristauek, eliza ebanjelikoek bereziki, zenbateko indarra eta presentzia daukaten inguru hauetan. Gaur ÏnterVarsity-ko gazte irribarretsuak ibili dira arrantzan gure unibertsitateko liburutegi nagusiaren atarian, "an evangelical campus mission" direnez. Zigor eternala iragartzen digute fedegabeoi, webguneko (http://www.intervarsity.org) doktrinaren atalean irakur daitekeenez: "The victorious reign and future personal return of Jesus Christ who will judge all people with justice and mercy, giving over the unrepentant to eternal condemnation but receiving the redeemed into eternal life".

2014(e)ko urtarrilaren 20(a), astelehena

Antilopeen lurretan

Herenegun koiotea, gaur antilopeak. Tule Peak-en gora eta behera zazpi orduko ibilaldia egin dugu Dan winemucarrak, Mike oaklandarrak eta hirurok, astelehenez, Martin Luther King-en ohoreko jai egunean. Antilope mordoska ikusi dugu bidean, aldapa gogorretan sartu baino lehenago. Bi kontu ikasi ditut Mike zientzia irakaslearen eskutik: Ipar Amerikako animaliarik azkarrena dela antilopea, eta, ingelesez, plurala singularra bezalaxe esaten dela, s-rik gabe: antelope.

 
Pyramide Lake ederra dela bagenekien, lehendik ere izana gara bertan, baina Tule mendiaren gailurretik (2659 m) inoiz baino ederragoa iruditu zaigu. Awesome. Paiute indiarren erreserbaren barruan dago Pyramide Lake. Leku magikoa.


2014(e)ko urtarrilaren 18(a), larunbata

Horra koiotea

Etxetik bi pausotara daukat Rancho San Rafael parkea eta, handik, errepiderik gurutzatu behar izan gabe irits zaitezke Peavine mendiaren inguru idorretara. Elurrik ez aspaldian, paraje hauetan ezagun du lehorte latza dugula Nevadan, Kalifornian bezala. Basamortu hutsa. Sagebrush-a besterik ez (zizare-belarra, Elhuyarren arabera).

Besterik ez? Inoiz baino gertuago ikusi dut gaur koiotea, eta irudia hartu ere bai. Urruti, hala ere, nire Ipod-erako. Hortxe dago, irudiaren erdi-erdian ia. Koioteak zer kolore duen ez bazenekiten, orain badakizue: sagebrush kolorea, exactly.


EGUNERATZEA (2014-01-22): Koadrilako onddo biltzaile semiprofesionaletako batek koiotea ikusi uste izan du eta gorriz markatu. Ez haiz urruti ibili, Joxeba. Good try. Urdinez markatu dut nik orain benetako koiotea. Ondoko bideoaren 3 edo 4. segundukoa da argazkia. Jarri begia urdinez markatutako lekuan, eta ikusiko duzue koiotea mugitzen, urrutiratzen.

[koiotearen bideoa]
https://drive.google.com/file/d/0B0_YvNmvJh6adGxPaHB1eWR5M28/edit?usp=sharing]

2014(e)ko urtarrilaren 15(a), asteazkena

Milioi bat karakter

Elkarrizketak egiten eta  transkribatzen egin dut joan den urtea Euskal Herrian, ikertzen ari naizen gaiari buruzko liburu eta agiri mordoska irakurtzearekin bat. Elkarrizketa guztiak transkribatuta ekarri ditut, azkena salbu, Adela Asua Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko lehendakariordeari Gabonetan egindakoa hain zuzen. Done. Hau ere transkribatuta.

Hogeita hamar elkarrizketatik gora eginda, milioi bat karakterretik gora transkribatuta, material gordina behintzat prest dut ETAren jardun armatuaren bukaerari buruz idatzi beharrekoa idazteko. Lehen lerroa gaur idatzi dut word-eko orri zurian: "I was sitting in my office in Reno when I received an email from Martxelo Otamendi, the editor of the newspaper Berria,,,". Ez zait ezer falta.  

2014(e)ko urtarrilaren 14(a), asteartea

Atxagaren Nevada

Polita izan da hegazkinean Bernado Atxagaren Nevadako Egunak liburua irakurriz etortzea eta, lur hartu orduko, Atxagaren narrazioko pertsonaiekin topo egitea. Kate Caminok bazekien liburuan "Mary Lore" dela, baina ez Manny senarra ere sarri agertzen dela, "Manix" izenarekin. Carmelo Urzari esan diot "C." baizik ez dela liburuan eta, gainera, berak kontatu ohi duen txistea, hartza gainean duten mendizaleena, bere seme Gabrielen ahotan jarri duela idazleak. "No way!".

Zalantza batekin iritsi naiz Renora: nor arraio ote da "Dennis"? Susmoa neukan pertsona baten baino gehiagoren istorioekin eraiki duela pertsonaia, fikzioa ere gehituz. That's right. Xabier Irujok kontatu dit black widow armiarma berak eduki zuela, "Dennis"-ek bezala, luzaroan kristalezko potean preso. Baina bera ez dela azken afarian Poliziak susmagarritzat jo zuena.

College Drive bere lekuan dago, eta mapatxeak ere hor nonbait izango dira.