Herenegun koiotea, gaur antilopeak. Tule Peak-en gora eta behera zazpi orduko ibilaldia egin dugu Dan winemucarrak, Mike oaklandarrak eta hirurok, astelehenez, Martin Luther King-en ohoreko jai egunean. Antilope mordoska ikusi dugu bidean, aldapa gogorretan sartu baino lehenago. Bi kontu ikasi ditut Mike zientzia irakaslearen eskutik: Ipar Amerikako animaliarik azkarrena dela antilopea, eta, ingelesez, plurala singularra bezalaxe esaten dela, s-rik gabe: antelope.
Pyramide Lake ederra dela bagenekien, lehendik ere izana gara bertan, baina Tule mendiaren gailurretik (2659 m) inoiz baino ederragoa iruditu zaigu. Awesome. Paiute indiarren erreserbaren barruan dago Pyramide Lake. Leku magikoa.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina